XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Filiberto Menna-k dioenez (1977) korronte analitiko honen iturburuak XVIII. mendeko kritizismoan aurkitu genitzake, kritizismo horren asmoa, lengoaia eta errealitatearen artean erabateko egokitasun batetan zegoen sineskera okerra gainditzea izango delarik.

XX. mendean jarrera analitiko honek testuinguru kultural zabalagoa aurkituko du: Saussurek aurrera eramaten du operazio estrukturala eta, lengoaiaren analisian, sistema konzeptuaz formalizatze prozesua garatuko du.

Filosofia Analitikoaren aportazioa ere garrantzitsua izango da.

Konzeptuzko artearen jarraitzaile askok Wittgenstein-en teoriak hartuko ditu, bereziki Art Languaje taldekoek, artea semiotikaren arlora eraman nahiz (Combalia, 1975).

Baina linguistika estrukturalak arrakastaz eraman badu aurrera formalizazio prozesu hori, zailtasunak daude lengoaia bisualera transferitzerakoan.

Lengoaia bisualaren berezitasun estrukturalak ez du hitzezko lengoaian ematen diren lotura logikoen aberastasunik. Eco-k dioenez (1976).

Hitzezko lengoaiaren unitate bereizgarriekin katalogatze zehatza egin daiteke, baina, ostera, kodigo ikonikoen mailan gauzak korapilotsuago ematen dira, zeren eta kodigo ikonikoak, hitzezko lengoaiaren kodigoa ez bezala, kodigo ahulak, gaizki definituak eta etengabeki aldakorrak baitira (Eco, 1974).

Beraz, pinturaren kodigo bisualaren formalizaziorako arazoak sortzen dira.

Arazoak esangurarik gabeko oinarrizko unitateetatik hasita enuntziatu ikonikoetaraino heltzen dira (Menna, 1977).

Alde batetik, enuntziatu ikonikoek, sistematizazio formal baterako, posibilitate infinituak dituzte, eta, bestaldetik, linguistikoki bereizgarriak diren oinarrizko unitateak lortu ordez, konplexuagoak diren unitateak segmento materialetan deskonposatzen dira.

Seurat-ek, eta bere ondoren lengoaia artistikoaren joera analitikoan saiatu direnek, arazo horiekin topo egin dute, eta analisiaren bidez lortutako oinarrizko elementuak, linguistikoki bereizgarriak diren unitateak baino, segmentu material soilak izan dira.

Adibidez, Seurat-ek tonua bere oinarrizko osagaietan (bere unitate kromatikoetan) deskonposatzen du, eta unitate hauek arau konstanteak mantentzen dituzten barneko erlazioetan eratzen ditu; bide beretik, espazioaren kontinuitatea oinarrizko unitateetan deskonposatzen du (lerro bertikalak, horizontalak, diagonalak, kolorezko puntuz egindako alderdiak), oinarrizko unitate hauek estruktura batetan eratuz.